XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fruitu lehorrak Gastronomia eta Medikuntza ikuspegitik

Zuhaitzek eta zuhaiskek dituzten hazi handiak dira fruitu lehorrak.

Hauen guztien zerrenda amai ezina izango litzateke, beraz, gure inguruan gehien kontsumitzen direnei buruz baino ez dugu hitz egingo: intxaurrak, hurrak, almendrak eta xigortutako kakahueteak.

Udazkeneko lehenengo asteetan biltzen dira fruitu hauek, eta elikagai bikain eta goxoak dira, osagaiei begiratuz gero konturatu ahal izango garen moduan.

Adibide gisa, esan dezagun 350 gr intxaurrek gizonezko baten eguneko behar energetikoei erantzuten diola.

Oso garrantzitsua da jateko zatia azal barruan egotea kontsumitzeko unea iritsi arte (eta ez ontzietan sartuta, nahiz eta hauek hermetikoki itxita agon), fruituek duten koipea zahartu ez dadin; hau gertatzen denean, hain ohikoa den zahar zaporea hartzen dute.

Bildu direnetik urtebete pasa baldin bada, ezaugarriak baino gehiago hain berezkoa duten zaporea da fruitu lehorrek galtzen dutena.

Leku fresko eta lehorrean gorde behar dira, lurretik urruti, leku itxiotatik kanpo, tarteka mugituz, eta sagutxoak bezalako bisitarien eskuetatik urrun.

Azalak primeran babesten ditu fruituak pestizida eta antzeko produktuetatik.

Osagaiak:

Ura %6 besterik ez dute. Pisuaren %60 lipidoak edo koipeak dira, baina erraz liseritzen dira eta osasunerako onak dira.

Duten azukre eta proteina kantitatea antzekoa da, hau da, %15 eta %20 bitartean.

Bitaminak neurrizkoak dituzte.

Sodioa, bestalde, oso gutxi dute (horregatik jan ditzakete hipertsentsiboek), baina bestelako gatz mineralak ugari dituzte, hala nola, potasioa, kaltzioa, burdina eta abar, behar-beharrezkoak gure osasunerako.

Azido urikoa ere neurrian dute: 100 gramo kakahuetek, adibidez (azala kenduta), 40-50 miligramo azido uriko du, hau da, York urdai azpikoak edota legatzak duten kantitate berbera.

Barazkijaleek fruitu hauen proteinekin ordezkatu nahi badituzte haragiaren proteinak (kantitateak oso antzekoak dira), ez dute nahikoa, adibidez, intxaurrak soilik jatea; fruitu mota guztiak kontsumitu behar dituzte, izan ere, banaka ez dituzte giza gorputzak orekan egoteko beharrezkoak dituen aminoazido guztiak.

Fruituak xigortzean eta hauei azala kentzen zaienean B bitamina galdu egiten da, batez ere azalean baitago bitamina hau.

Ondorioz, kakahueteak edota almendrak xigortu gabe jan beharko genituzke, baina ez dute hain zapore ona.

Guztiak dira laxante edo libragariak.

Baina bitxia badirudi ere, nahiz eta intxaurrondiaren fruituak liseriketa arindu, hostoak infusioan hartuta kontrako eragina omen dute, hots, lehortu egiten omen dute.

Azala eder eta leun izateko erabiltzen diren kosmetikoak egiteko ere erabiltzen dira fruitu lehorrak.

Almendra mikatzak admigdalina dute, oso toxikoa den glukosidoa; horrela, pertsona bat hil egin daiteke halako 50 bat almendra janez gero.

Julian Bereciartua, medikua